Hitzaurrea (Adimen Artifiziala)
Abstract
EKAIA aldizkaria, Adimen artifizialari buruzko alearen hitzaurrea.
Full text
11 ekaia ZIENTZIA eta TEKNOLOGIA ALDIZKARIA ISSN 0214-9001 – eISSN 2444-3255 Ekaia, Ale berezia 2025, 11-12 Hitzaurrea Gorka Azkune HiTZ Zentroa - Ixa, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) Adimen artifiziala bolo-bolo dabil denon ahotan. 2022. urtearen amaieran ChatGPT ospetsua estreinatu zenetik, gizarteko arlo guztietan agertu da adimen artifiziala: komunikabideetan, hezkuntzan, industrian eta artean, besteak beste. Baina adimen artifiziala ChatGPT baino askoz zaharragoa eta zabalagoa da. Egia da azken hamar-hamabi urteetan izugarrizko saltoa ikusi dugula adimen artifizialean, neurona-sareen eta ikaskuntza sakonaren eskutik. Ikerkuntza, ordea, aurreko mendeko 50eko hamarkadaren inguruan hasi zen, eta, beraz, gaur egungo aurrerapenak ezingo lirateke ulertu urte luze hauetako lanak kontuan hartu gabe. Hain zuzen ere, oinarriak ulertzeak eta arloaren historia ezagutzeak gaur egun dagoen zarata ikaragarria arbuiatzen laguntzen digu. Tamalez, adimen artifizialaren inguruan zarata handia baitago, hainbat interesen mesedetan ia beti. Zaratak zarata eta interesak interes, onartu beharra dago adimen artifizialaren esparruan garatu diren teknologiek potentzial handia dutela. Milaka arazotan aplika daitezke teknologiok, spam mezu gogaikarrien detekziotik hasi eta proteinen tolestura-prozesuak iragartzeraino. Hori dela eta, jada ari gara aplikazioak garatzen askotariko esparruetan: meteorologian, kimikan, robotikan, (Netflix, Amazon eta horrelakoek erabiltzen dituzten) aholku-sistemetan, medikuntzan, biologian, astronomian eta beste hainbatetan. Ziurrenik, oraindik ere beste milaka aplikazio aurkituko dira denborarekin. Baina ez genuke aplikazio horiekin itsutu behar. Beti gogoratu behar dugu aplikazio horiek guztiak ez zirela posible izango oinarrizko ikerkuntzarik ez balitz egin aurretik. Zientzia eta ikerkuntza baitira ezagutza berria sortzeko ditugun tresnarik boteretsuenak, eta aplikazioak, ezinbestean, ezagutzaren gainean sortzen dira. Beraz, zientziarik gabe ez dago aplikaziorik. Testuinguru horretan ulertu behar da Ekaia aldizkariaren ale berezi hau. Bertan, adimen artifizialaren esparruan egindako ikerkuntza-lanen berri emango diogu irakurleari. Adimen artifiziala, zentzurik zabalenean, zarata eta interesetatik urrun. Gure inguruko ikerlarien lan interesgarriak
12 Ekaia, ale berezia 2025, 11-12 lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dugu. Artikulu batzuk Hizkuntzaren Prozesamenduaren ingurukoak dira; hala, zenbait egilek ChatGPT eredua aztertu dute aplikazio konkretu batzuentzat, baita haren pareko euskarazko ereduak nola garatu azaldu ere: Latxa eredua. Hizkuntzaren Prozesamendua suizidio-zantzuak sare sozialetan hautemateko nola erabil daitekeen ere azalduko dugu; gaurkotasun eta garrantzi handiko gaia, ezpairik gabe. Robotikaren esparruan ere zeresan handia du adimen artifizialak. Ale honetan, robot sozialak, hots, gizakiekin elkarrekintzan lan egiten duten robotak agertuko zaizkigu. Hizketaren sintesia ere presente egongo da: genero anbiguoko euskarazko ahotsen sintesia edo bioseinaleetatik ahotsa sortzeko gai diren sistemak azalduko ditugu. Ikaskuntza automatikoarekin loturiko oinarrizko gaiak lantzen dituzten artikuluak ere badaude. Ildo horretan, ebaluaketa-sistemen inguruko azterketa berriak proposatuko ditugu. Ikaskuntza-paradigma berrien analisia ere aurkeztuko dugu, ikaskuntza autogainbegiratuari erreparatuta. Teknologia horien aplikagarritasun zabala erakusteko, irakurgai izango ditugu kontrol-esparruan (industrian) adimen artifizialak izan duen eraginari eta gaixotasun neurologikoen aurkako botikak aurkitzeko sistemei buruzko lanak. Bestalde, bakarrik adimen artifizialaren onurak erakutsi beharrean, arrisku batzuen inguruko gogoeta ere proposatuko dugu. Azken batean, teknologia hauek tresnak dira, eta, tresna guztiak bezala, ondo ala gaizki erabil ditzakegu. Esparruko ikerlari ospetsu batek zioen bezala, mailuak mailu dira, baina, pertsona baten eskuetan, mailu bat etxeak eraikitzeko erabil daiteke; baita, ordea, beste pertsona batzuei kolpeka min egiteko ere. Teknologiaren ezagutza sakonago batek haren ezaugarriak hobeto ulertzea dakar, eta, beraz, erabilera txarrak ekiditeko aukera gehiago. Horrela, beraz, adimen artifizialaren inguruko ikerkuntzaren ikuspegi zabal bat erakutsiko dugu ale honetan: oinarrizko gaietatik aplikazio berritzaileen ikerkuntzara, betiere gogoetarako esparruak eskainiz, adimen artifizialaren olatuan gabiltzan honetan ezinbestekoa baita zientzian eta ikerkuntzan lanean jarraitzea, serio eta irmo, zaratari kasu handirik egin gabe. Olatua pasatuko da, goiz edo berandu, baina egindako lana hor geratuko da, etorkizun hobe baten oinarriak finkatzeko.