scieee AI-readable full text Open interactive document viewer

Esperimentazioan sakonduz biziberritu

Agirre García, Nerea

Full text

185 ESNAOLA ILLARRETA, Larraitz eta BARANDIARAN ARTEAGA, Alexander (2020) Esperimentazioan sakonduz biziberritu. Donostia. Xangorin Koop. Elk. Txikia. 162. or. ISBN: 978-84-120513-3-9 erreseina MUko HUHEZI fakultateko irakasle eta ikertzaile Larraitz Esnaola eta Alexander Barandiaranek Hik Hasi egitasmoarekin argitaratutako liburua dugu honako hau. Jaiotzatik umeak berezkoa daukan esploratzeko jokabidea abiapuntu gisa harturik, Haur Hezkuntzan material manipulagarriak baliatuz esperimentazioan oinarritutako proposamenak sortzeko gako eta adibideek hezurmamitzen dute liburua. Egile biak Haur Hezkuntzaren munduarekiko lilurak elkartzen ditu, eta liburua elikatzeko beren ibilbide profesionalean eta pertsonalean eraikitako hainbat ezagutza iturri baliatzen dituzte. Alde batetik, lan honen markoa osatzeko honako hauek ekartzen dituzte: haurraren garapen osasuntsua eta ongizatea bermatzeko baldintza eta testuinguruen azterketek erakutsitakoak. Bigarrenik, prestakuntza eta aholkularitza prozesuetan identifikatu izan dituzten beharrak aintzat hartuz, irakasleei zuzendutako orientabide eta estrategia zehatzak eskaintzen dituzte. Eta azkenik, eremu pertsonalean nahiz eremu komunitarioan umeekin modu kontzientean arituz garatutako ezagutza praktikoa ekartzen dute; eta horretarako proposamen egingarriak aurkezten dituzte. Liburuaren lehengo lau kapituluek irakurlea esperimentazioaren marko orokorrean kokatzea dute helburu. Umeari, material manipulagarriekin ari- 186 Liburuen berri tuz, bere bizitzarekin loturak egitea ahalbideratzen dioten esperimentazio esperientziak beste ikaskuntza guztien oinarri, akuilu eta lotune gisa definitzen dira. Garapenaren momentu goiztiarrenetan, umeak materialak manipulatuz hainbat bizipen izango ditu; aurrerago, beren bizitzarekin loturak egin, objektuak sinbolizatu eta jolas bihurtuko ditu. Garapenean aurrera egin ahala, esperientzien alderdi konkretua eta abstraktua, berezia eta orokorra, eta sinplea nahiz konplexua uztartu eta bizipenei hitzak jartzeko gai izatera iritsiko da. Finean, esperimentazioa haurrak berezkoa duen jokabidea garatzeko aukera gisa ulertzen da. Liburuan planteatzen den ikuskerak ezagutza irudikatzeko eta ezagutzarekin harremantzeko modu berriak aurkezten ditu, non esperientzia ireki, malgu, moldagarri eta anitzen bidez ikasleak bihurtzen diren beren ikaste prozesuaren protagonista nagusi. Lerroartean, tentsio gabeko testuinguru estimulagarriez eta horiek prestatu eta egikaritzeko, funtzio transmisibo eta kontrolatzaileari (etengabe zer eta nola egin, noiz hasi eta amaitu agintzen duen figurari) uko egiten dioten hezitzaile kontziente, kritiko eta hausnartzaileez hitz egiten da markoan. Egileek, enpatiazko jarrera batetatik abiatuta, begirada aldaketa honek irakasleengan eragin ditzakeen kezkak onartuz, sortu ohi diren galdegai nagusiei erantzun zehatzak emateko abagunea baliatzen dute. Ekarpen esanguratsuenen artean, irakaslearen rolaren definizio esplizitua aipa daiteke. Irakaslearen lana lau funtzio nagusietan ardaztuz irudikatzen dute: materialaren kudeaketa, espazioaren antolaketa, eskaintzaren aurkezpena eta prozesuaren jarraipena. Azken funtzio hori gauzatzeko, hots, behaketa eta dokumentazio lanerako, egileek propio sorturiko euskarri bat eskaintzen dute, beharren arabera erabili eta moldatu ahal izateko. Irakasleak kontuan hartzeko elementu nagusiak ere aurkezten dira: umeen garapen momentu eta ezaugarrietara proposamenak egokitzeko protagonistak ezagutzearen garrantzia, proposamenaren zergati eta zertarakoak aurretik definitu beharra, eta modu askean eta plazerrez jardun ahal izateko segurtasuna eskaintzen duten alderdi guztiak aintzat hartzearen inportantzia. Esperimentazioan sakontzeko premisa nagusiak aurkezteaz gain, esperimentazio esperientzien egingarritasunari toki eginaz, adibide baten bidez ume baten prozesuaren nondik norakoak azaltzen dituzte. Liburuko beste adibideetan ez bezala, umea ekintzan erretratatzen duten argazki ugari ageri dira, azalpen xehez lagunduta. Egingarritasuna sendotzen duten ideien artean, aipagarria da Heziberri 2020 plana aipatuz eta zehazki, abenduaren 22ko 237/2015 Dekretua ekarriz, Haur Hezkuntzarako araututako irakaskuntza jardunbidearen baitan ezartzen dituen ebaluazio eta lorpen emaitzei egiten zaien erreferentzia. Atal honetan egileek baieztatzen dute aipatutako adibidea eta liburuan agertzen diren antzeko beste esperimentazio proposa- 187 Liburuen berri menak egokitzen direla lege maila duten arau juridikoetara; baieztapenaren inguruko argudioak ere ematen dituzte. Horraino iritsita, irakurleak marko pedagogikoaren gako nagusiak eskuratuak izango dituela esan daiteke. Liburuaren hurrengo kapituluetan arreta esperimentaziorako materialen izaeran jartzen da. Testuliburu eta fitxak alboratuz, eta esperimentazioari ekarpen egiten dioten material manipulagarrien gaineko begirada irauli asmoz, erabilgarri suerta daitezkeen materialak zerrendatzen dira. Naturan aurki daitezkeen materialetatik hasi eta eraldatutako materialetaraino, zerrenda ezberdinak aurkezten dira modu kategorizatu eta ordenatuan, adibide grafikoak erantsiz, modu horretara materialen mozkorraldia izan zitekeena apalduz. Atal horietan hizketarako gaiak materialak izan arren, aipagarria da eskaintzen direla umea eta materialak elkarreraginean jarri eta umeek erakuts ditzaketen joerak aurreikusteko pista batzuk. Umeen joerekiko jarrera irekia eskatzen zaie irakasleei, eta esan gabe doan arren, pentsa daiteke erreferentzia egiten zaiela, besteren artean, ikasleen garapen momentuari, erritmoari, ikasleak inguratzen dituen egunerokotasunari, bakoitzaren kultura propioari, interesei eta beharrei. Liburuaren bihotzean, bederatzigarren kapituluan, 365 esperimentazio proposamen aurkezten dira lau atal nagusitan banatuta. Proposamen bakoitzak bere erreferentziazko zenbakia eta izenburua dauka, eta guztiek egitura bera jarraitzen dute: ezkerreko aldean, umeari egiten zaion material eskaintzaren irudia, eta eskuineko aldean, umeak esperimentazioaren bidez egin ditzakeen aurkikuntzak eta gerta daitezkeen prozesuak era argian azalduta. Egitura bera jarraitzeaz gain, proposamen guztietan azalpenen oreka bilatzeko egin den ahalegina nabarmentzen da. Aditzaren moduari dagokionez, ahaleraren erabilera nagusitzen da testuetan, gertagarria den horri erreferentzia eginaz, aukerak zabalduz eta beti irakurlearen leihoburuak irekiz. Proposamenen izaerari dagokionez atentzioa ematen du nola material soilak aurkezten diren lehenengo, eta material ezberdinak gehituz, eskaintza berriak sortzen diren ondoren. Egileek proposamenak harilkatzeko egiten duten ariketak izan badu arrazoi pedagogikoa; izan ere, umeari material bat eskaini eta ezaguna zaionean beste bat eskainiz gero, aurkikuntza berriak egiteko aukerak biderkatzen zaizkio. Umeek beren buruaz eta ingurukoaz ideia eta hipotesi propioak izan ohi dituzte. Bizi dituzten esperientziei zentzua emanaz munduari buruzko teoriak eraikiz doaz. Eskaintzen zaizkien proposamenen araberakoak izango dira beren esperientzia eta bizipenak; bakoitzak bereak propioak biziko ditu, baina esperientzia horiek guztiengan utziko dute lorratza, guztiei eskainiko diete aurrerantzean beste errealitate batzuk modu autonomoan interpretatu, ulertu, ekin eta eraldatzeko baliabide sorta. Zentzu horretan, liburuan jasotako proposamenak 188 Liburuen berri umeek munduaren konplexutasuna, globaltasuna eta multidimentsionaltasuna esperimentatzeko pentsatuak daudela eta hezkuntza xede horretarako askotariko aukerak eskaintzen dituztela baiezta daiteke. Liburuari izaera ireki eta dinamikoa aitortuz borobiltzen dute lana; horren lekuko dira «nola sortu esperimentaziorako proposamenak» eta «zer izan kontuan» bezalako atalak gehitu izana. Halaber, irakasleen inspiraziorako izateko helburuarekin material ezberdinak modu kategorizatuan eta ordenatuan proposatzen dituen azken atal batekin ixten dute liburua. Amaiera horretan, eta liburuaren bosgarren kapituluan nazioartean eta Euskal Herri mailan gauzatzen ari diren bi egitasmo zehatz aipatzen diren arren, esperimentazioaren inguruan sakontzen jarraitu nahi duenari zuzendutako erreferentzia bibliografikoaren, intereseko esperientzien edo informazio iturrien falta nabaritzen da. Forma aldetik, liburuaren indarguneen artean, azala eta kontrazalaren erakargarritasun kromatikoa, sarrerako olerkiak irakurleari egiten dion harrera goxoa, irudi grafikoen kalitatea eta indarra, izenburu eta azpi izenburuen originaltasuna nabarmendu daitezke. Edukiei dagokionez, atalen egituraketa argia eta irakurlea marko pedagogikoan kokatu eta honen ulermena errazteko azalpenen zehaztasuna azpimarra daitezke. Egiten den ekarpen praktikoak ere aipamen berezia merezi du, esperimentazio proposamenen kopuru eta egingarritasuna balioetsiz. Zalantzarik gabe, Esperimentazioan sakonduz biziberritu liburua, Haur Hezkuntzako irakasleez haratago, esperimentazioaren bidea urratzen hasi nahi duenarentzat itsasargi eta ikuspegiaz engaiatutako hezitzaileentzat sormen eta inspirazio iturri interesgarria da. Nerea Agirre Garcia Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea Mondragon Unibertsitatea nagirr[email protected]